
VINOTECA DIVINO
LEZA
Este es el reportaje que Fausto Bezardi les hizo a nuestros amigos Gotzon Garaizabal y Peru Magdalena, del proyecto 2d1, en el que también hablan de la experiencia que vivieron en Leza. Aquí tenéis el link al reportaje, en la pagina de Gaur8.info:
<<Durangoko bonbardeaketaren inguruko performancean, durangarrek sentitu zutena sentiarazi nahi genuen. Jendea emozionatuta atera zen, larritasun hura sentitu baitzuen>>
<<Ardoaren performancea oso kompletoa izan zen. Mahats bilketan bertan egin genuen, gure filosofiarekin bat eginez: momentuan han egotea. Mahastietan bertan margotu genuen>>

Bi sortzaileak, argazkia sortzen.
<<Gotzonek bere estiloa du, neuk neurea. Baina batuz gero, bere estiloa neurean gehaigo sar daiteke edota alderantziz. Bere estiloa neurean sartzean, beste estilo bat sorrarazten di niri>>
<<Birziklatzeari garrantzi handia ematen diogu. Koadro bat zakarretara doala? Gainetik margotu eta berrerabiltzen dugu. Existitzen denari bizitza luzatzen diogu, zentzua emanez>>

Arabar Errioxako Leza herrian egindako performancearen irudi bat. Bertan, mahats bilketan murgildu ziren, mahatsetik ardorako bidean hainbat sorkuntza aurkeztuz. Berrizki zintzilikatu dute euren lanaren inguruko bideo bat www.2d1.eu atarian.

Lezako upeltegi batean egindako lana. Irudian, ezkerrean Garaizabal eta eskuinean Magdalena.
2d-vino: Pello Salaberriak egindako bideoa

Durangoko bonbardeaketaren performancea.
2D1: BIDEA DA HELBURUA DURANGALDEKO SORMENA: ARTEA BIZITZAREN BIDEAN, ESPRESIONISMOTIK ABIATUTA
Fausto Berazadi, 2012ko Abenduaren 06a
Espresionismo abstraktua abiapuntu badute ere, ardo botila batek ere berdin balio lekieke sortzen hasteko. Sormena adierazteko hainbat bide urratu (margoa, musika, hitzak, erretroproiekzioa...) eta euren ibilbideak batzen dituzte gure garaiko sentimendu, pentsaera, beldur edota ametsak espresatzeko. Hori bai, batak besteari eraginez, hobeto.
Anbotoko magaletan zabaltzen den eskualdea oso energetikoa da. Hala baieztatzen dute Gotzon Garaizabal elorriotarrak eta Peru Magdalena abadiñoarrak, "2D1" proiektuko bikote geldigaitzak. Garaizabal diseinatzaile grafikoa eta artista plastikoa da. Magdalena aldiz, idazle, margolari, olerkari eta hainbat saltsetako pipermina. Biak batu ditu sorkuntzak. Biak batera, bidean sortzen.
Musika, olerkia, margoa, bideoa, erretroproiekzioa... eta parean jarri eta interesgarriak iruditu edo, besterik gabe, gustatzen zaien edozein euskarri, gehienetan berrerabiliak, darabiltzate euren saioetan, performanceetan, gure garaiko edozein sentimendu, pentsamendu, amets, beldur edo balore transmititzeko. Sortzeaz gain, sentiaraztea edo komunikatzea ere bilatzen baitute, bide batek bi norantza dituen bezalaxe.
Eta publikoarengana iristeko irrika horrek, hain zuzen ere, erantzun bat bilatzen du publiko horrexengan. Ez da emankizun estetiko hutsa, eragin nahi dio. Hala diote biek: «Durangoko bonbardaketaren inguruko ikuskizun bat prestatu genuen duela zenbait urte. Paddy Rekalde olerkiez arduratu zen, Katza Aiarzaguena musikaz, Pello Salaberria bideoaz (egun horretarako bideo bat sortu genuen), eta Peruk eta biok margotzen jardun genuen. Erretroproiekzioa erabili eta margotzeaz gain, performancea izan zen, zuzeneko fusilamendu eta guzti. Sentsazio bat sortu nahi genuen, hori zen gure intentzioa: begiak antzokiko sabaian proiektatu genituen, paperak jaurti... publikoarengan 37ko durangarrek bonbardaketan izandako sentimendu eta bizipenak sortzea zen gure xedea. Eta egia esateko, jendea oso emozionatuta atera zen, larritasun hori sentitu zuen, batzuk negar egiteraino eta guzti. Beste batzuk berriz, haserre puntuz gureganatu ziren, ‘nola demontre egin duzue hau?’ galdetuz. Larrialdi eta berebiziko estutasun hark eragindako irainen bat ere jaso genuen. Eta hori zen gure helburua, noski. Ez genuen historia erakutsi nahi; gaur egungo medioak erabiliz, 1937ko martxoaren 31n durangarrek bizi izandako agonia edo larrialdi hura sentiaraztea zen gure helburua. Petardo traka bat ere erabili zen, paretan itsatsitako eta margoz betetako globoak fusilatu genituen karabina batekin...», azaldu dute, esplikazioa, kontaketa espresibo bilakatuz. «Azken batean, diziplina ezberdinak batu eta sentimenduak komunikatzea izan zen. Dena denon artean sortu genuen, ekarrekin alegia», azaldu du azkenik Garaizabalek.
Bien bideak, bide batean
Duela zortzi bat urte ezagutu zuten elkar bi sortzaile hauek. Hala diote biek, data finkorik asmatu ezinean, elkarri begitzen diotela. Datak askorik axola ez dien seinale. Gotzonek jarraitu du: «Txamankizunak egiten zenituztenean ezagutuko ginen, ez Peru?», hasi da, lagunari begira. «Peruk lagun batzuekin egiten zituzten olerki emankizun moduko batean ezagutuko genuen... Gero, 18/98 epaiketaren inguruko ekitaldi batean zuzenean margotzen hasi ginen. Ekitaldi hartan lagun ditugun beste bi neskarekin batera aritu ginen... horrela hasi genuen gure oholtza gaineko harremantxo honi bizitza ematen», oroitu da.
Hasiera hartatik makina bat kontu, saio eta istorio bizi izan dituztela aipatzen dute. Tarte batean, Paddy Rekalde bidelagun zutela ere osatu zituzten emankizun batzuk. «Musika, poesia eta margoa uztartzen genituen. Paddyren liburuetako poemak jendaurrean eskaintzeko ikuskizuna zen. ‘Pintura beste erreka bat da. Errekek egiten dute itsasoa’ genioen ekitaldi haietan. Horretaz gain, nire anaia Mikelek, enologoa bera, parte hartu du hainbatetan gurekin», gogoratzen du Gotzonek. Ardoarekin ekimen ezberdinak osatu dituzte eta inspiraziorako lehengai nahiz osagai dute. «Mikel Garaizabalekin "Hordagoardoa’ (www.hordagoardoa.com) proiektua dugu abian. Toki ezberdinetatik deitu gaituzte gainera: Valentzia, Madril, Bilbo... azoka ezberdinetatik datozkigu proposamenak. Bilbon, adibidez, Ferroforma azokaren itxiera ekitaldia baino lehen, ordu erdiz arituko gara. Proiektu hau ardo dastatze bat da berez, baina musikak, olerkiak eta margoak dastatze hori bultzatzen, indartzen eta sustatzen dute. Horretarako erretroproiekzioa darabilgu; oihal baten atzean jarritako foku argitsu batek gure itzalak proiektatzen ditu, gu olerkiak errezitatzen eta oihala bera margotzen gabiltzan bitartean. Emankizuna oso bisuala da», azaldu du Magdalenak.
Anbotopeko energia hau lekutzeko, indar espresibo hori guztia erein eta hazteko leku baten bila ere aritu dira: «Abadiñoko Muntsaratz auzoko korta bat lortu genuen», dio Peruk. Segidan, korta zaharra deskribatzeari heltzen dio: «hotza eta umela, baina oso energetikoa zen. Lau bat hilabete eman genituen han, lau hilabete oparo. Baina kortako hezetasun hura margoekin ezin ezkondu zitekeela ikusita, alde egin genuen. Eta orain Abadiñon dugu lokal bat, gure lanetarako, duela urtebete ingurutik. Gure lehenengo faseko bukaera bezala izan zen kortakoa. Lan hura guztia ikusgai jarri genuen ondoren, Abadiñon», agertu du.
Lezako esperientzia: "Ardo2d"
Azkenaldian eskuartean izan duten proiektuarekin oso gustura daude. Izan ere, Arabar Errioxako Leza herrian, mahats biltze garaian egon ziren performance bat osatzen. Mahastiak, lurra, mahatsa, ardoa, mahatsondo hostoak, mahats biltzaileak, botilak... ardoaren kulturaren inguruko performancea, hain zuzen ere. «Bideo batean grabatu dugu dena. Gure webgunean ere aurkezten dugu proiektua; eta proiektu horren inguruan sortu diren obra guztiak. Liburu batean ere bagabiltz hori dena biltzen. Proiektuaren prozesua oso inportantea da guretzat; prozesuan elikatu egiten baikara, harremanak sortzen dira, ate ezberdinak zabaltzen zaizkigu... eta ekiten eta egiten bide bat sortzen dugu. Finean, hortik dator 2D1. Bi gara; bitik bat. Gure margo gehienek bien eskua dute. Azken batez, gure sinadura ez da pertsonala, kolektiboa da», azaldu du Gotzonek, bidea erakutsi nahian.
Lezako egonaldiarekin oso gustura agertu dira biak. «Ardoaren performancea oso konpletoa izan zen. Ardoarekin badugu ibilbide bat, ‘Hordagoardoa’ren ikuskizunarekin, duela bi urte edo gehiago osatu genuena. Hala ere, aurtengo mahats bilketa garaian egin genuena, daukagun filosofia praktikan jartzeko modu bat izan zen: momentuan han egotea, alegia. Lezako DiVino upategiarekin elkarlanean burututako ekintza bat izan zen. Mahatsarekin mahastietan bertan margotu genuen, ardoarekin, lurrarekin ere bai, tinte naturalak erabili genituen margolanak egiteko, botila sorta batentzat (100 inguru) etiketak sortu genituen, jendea ezagutu dugu: ekoizleak, mahats biltzaileak (jatorri ezberdinetakoak gainera. Peruk arabiar bati margoan idazteko eskatu zion, karaktere arabiarrak gehituz), ardoaren inguruko jendea... Zuzeneko emanaldi batean, botilak margotu genituen inguruan haurrak genituela eta asko gustatu zitzaigun, denoi», gogoratu da Garaizabal, esperientziarekin baikor eta gogobeteta.
Bideo nahiz argazki horietan, askotan haurrak ikusten dira euren inguruan, gustura. Eta baita parte hartzen ere. «Haurrak gurekin daude sarri, gure sorkuntza inkonszientea ere nahiko inuzentea da, ez da figuratiboa edo errepresentatiboa», agertu du Peruk. Eta segidan gaineratu du Gotzonek: «energetikoagoa, espresiboagoa da zentzu horretan. Ez dugu estilo zehatz edo finko bat. Estiloak biderkatu egiten dira. Batek estilo bat dauka, baina bik bikoiztu egiten dute estilo edo ibilbide hori. Esan bezala, margoak bien artean egiten ditugu eta batak besteari eragiten diogu. Nik borobil bat egiten badut, Peruk hiruki bat margo dezake barnean; edota borobila ezabatu, zergatik ez!», azaldu du Garaizabalek. Peruk bukatu du zehazten: «Gotzonek bere estiloa du eta nik neurea. Baina batuz gero, bere estiloa neurean gehiago sar daiteke edo alderantziz, neurea berean. Baina, era berean, bere estiloa neurean sartzean niri beste estilo bat sorrarazten dit. Beraz, biderkatu egiten dira, eta batek daki non amaitu dezakegun... Batzuetan ni hasten naiz margotzen eta berak amaitzen ditu margoak», amaitu du Peruk, euren arteko lana bals dantza balitz bezala azalduz.
Ideia eta proiektu ezberdinak
Ideiak nondik etortzen zaizkien galdetuta, euren harremanen munduan kokatu du erantzuna Garaizabalek. «Gure inguruan sorkuntza handiko jendea dabil. Paddy, Katza, Egoitz... eta, esan bezela, Anbotopeko paraje hauek energia asko transmititzen dute. Hurrengo proiektua, adibidez, hemen inguruko baso batean egin nahi dugu. Iparraldean ere nahi dugu zerbait egin, Saharan ere badugu proiektu bat pentsatuta, Bartzelonan...», adierazi du. Eurek maitatzen dituzten elkartasunetik, sorkuntzatik eta askatasunetik abiatzen dira proiektuak planteatzeko orduan. Egunerokotasunean praktikan jartzetik datorkie gauzak egiteko grina, sortzeko pasioa. «Ni plastikoagoa naiz. Teknika ezberdinak lantzen ditut, argazkigintza ere bai...», adierazi du Gotzonek. Atzetik jarraitu dio Peruk: «nik olerkiak errezitatzeaz gain, eta margotzeaz gain, koadroetan ere idazten dut. Hitzarekin jolasten dut. Hala ere, sarritan trukatzen ditugu paperak. Azken finean, batak bestearen zuloa edo gabezia betetzen du», esplikatu dira biak.
Eta materialak? «Denetik!», hasi dira barrez. «Birziklatzeari garrantzi handia ematen diogu», azpimarratu du Garaizabalek. «Koadro bat zakarrontzira doala? Gainetik berriz margotu eta berrerabiltzen dugu. Eta existitzen den produktu bati bizitza luzatzen diogu, obrari zentzua emanez, zentzu gehiago gainera», dio Magdalenak. Ondoren, euren lokaleko material gehiena berrerabilia dela erakutsi du Garaizabalek: leiho zaharrak, kartoiak, koadro zaharrak eta muralak, batzuk aipatzearren. Hizketarako garaian ere nabari da biak oso ondo konpontzen direla. Ulermen horretatik haratago, ez da batak bestearen beharra duenik igartzen, batak bestea betetzeko eta betetzen laguntzeko pasioa baizik. Eskutan dituzten tresnen bidez, artearen bidez.
Obra bat bukatuta noiz sumatzen, ikusten duten galdetuta, pisua kendu dio Peruk galderari. «Erabaki bat da azkenean. Eta baita sentimendu bat ere». Garaizabalek ondotik jarraitu dio: «Askotan margoak ez dira bukatzen, abandonatu egiten dira. Egun batean amaituta ikus dezakezu, eta hurrengoan ‘epa!’, eta zerbait gainera dakiokezu», bota du.
Espresionismo abstraktutik datozen bi sortzaile hauek euren bidea osatzen doaz, bidearen amaierak gehiegi entretenitu gabe, surrealistek bezala.

